Euskal Eskola Publikoaren jaia eta Ibilaldia ospatuko dira igande honetan.

Jakingo duzuen bezala euskal hezkuntzaren aldeko bi zita ditugu igandean:

Batetik Balmasedan Euskal Eskola Publikoaren jaia ospatuko da ,jai honen 23. edizioa izango da hain zuzen. “Gorantz goaz, GO, GO” lemapean Enkarterrietan Euskara eta Eskola Publikoaren eskaria gorantz doazela erakutsi nahi izan dute.

GorantzGoaz

Hamaika Telebistako lagunak Mendia eskolan egon ziren eta egin zuten erreportaje hau ikus dezazuen gomendatzen dizuegu

Bertako egitaraua nahi izatekotan, hemen duzue ikusgai:

http://euskaleskolapublikoarenjaia.org/?p=973

Bestetik Ibilaldia Gernika-Lumon izango da. Antolatzailea Seber Altube ikastola izango da eta “Euskararen bihozfera” izango du lema bezela jaialdiak.

Print

Hemen duzue Gernikan izango denaren egitaraua:

http://www.ibilaldia.com/eu/ibilbidea

Partekatu

Mintza eguna izango da bihar Izarran

Euskal Herri osoko mintzalagun eta euskaltzaleek jai giro paregabea izango dute Izarran (Urkabustaiz, Araba). Zuia kuadrillako mintzalagun eta lagunek egun osoko egitaraua antolatu dute gerturatu nahi duten guztientzako, eta herriko gazteen eskutik gauerarte luzatuko da Mintza Eguna. Hauxe da egitaraua:

11:00 Ongi etorria eta hamaiketakoa plaza berrian.

12:00 Beluntzako ur jauzietara mendi ibilaldia, edo jolas Mintzodromoa. Aukeran!

13:30 Mintza kalejira bertsolariekin.

14:30 Bazkaria plaza berrian*.

16:30 Mintzalagun taldeetan ahalegin berezia egiten duten zenbait kideri sari banaketa.

17:30 Erromeria Parradust taldearekin.

22:00 Kontzertuak gaztetxean.

* Eguraldi txarra izanez gero bazkaria frontoian izango da.

MINTZA EGUNA 2014

Jaiaren antolaketan, herriko mintzalagunak, Lan eta Jolas elkartea, gazte asanblada, bertso eskola, dantza taldea, mendi taldea eta beste zenbait eragile ari dira, Euskaltzaleen Topagunearekin batera. Mintzalagunak izango dira egunaren gidari eta aurkezle, eta hainbat sorpresa prestatu dituzte. Ezin denak kontatu!

Aurtengo Mintza Eguneko saria bi mintzalagun taldek jasoko dute: Gasteizko GEU elkarteko gaztelagun talde batek eta Zuiako mintzalagunek. Lehenengoen kasuan, duela urte pare bat osatu zuten taldea, baina ordutik fin fin ari dira. Ez da ohikoa hain talde gazteak aurkitzea mintzalagun taldeetan, eta horregatik, aitorpena egin nahi diete euskaltzaleen elkarteetako mintzapraktika alorreko kideek. Zuiako mintzalagunen kasua ere nabarmentzeko modukoa da. Geografikoki kuadrila zabala eta biztanle gutxikoa da Zuia, baina 80 lagunetik gora daude mintzalagun taldeetan. Gainera, egitasmoan parte hartzeaz gain, herriko gainontzeko euskaldun eta kultur taldeekin harreman estua daukate.

Iaz Elgoibarren izan zen Mintza Eguna, eta aurten Arabara egin du salto festak. Esku honetan dago lekukoa, zalantzarik gabe. Mendi irteera, jolasak, kalejira, bertsolariak, joaldunak, bazkaria, erromeria, dantzariak… mintzalagunak baino ez dira falta! Honezkero askok eman duzue bazkarirako izena, beraz… larunbatean Izarran elkartuko gara!

Nerea eta Eiderrekin Saharara joan ginen atzo bidaiarien txokoan

Atzo Nerea eta Eider Olaziregi izan genituen gurean, Saharar herriaren inguruan kontu-kontari.

Sahararrek gaur egun bizi duten egoera hobeto ulertzeko, lehenik, Saharar herriaren historia eta egoeraren inguruan aritu ziren. Ezinbestekoa izan zitzaigun, beraz, Saharar herriak urtetan zehar eta gaur egun ere Marokoko indar okupatzaileen eskutik jasaten duten errepresioa mintzagai izatea. Baina egoera horretan ere, duintasunaren ikur dugu Saharar herria.

IMG_7454

Mendebaldeko Sahara da sahararren lurraldearen izena; hala ere, 3 lurraldetan sakabanatuta daude herritarrak: Marokok okupatutakoa, liberatua eta Tindufeko errefuxiatuen kanpamentua, Argelian. Azken honen inguruan aritu ziren gehien bat Eider eta Nerea, han bizi izandakoa gogora ekarriz.

Bertan, Saharar familia batekin eman zituzten egunak, euren etxean bizitzen eta kanpamentuetara egindako bidaia bakoitza egitera zerk eraman zituen ere azaldu ziguten: hezkuntza baliabideak eraman, proiektu desberdinak martxan jarri, edota pizzeria bat inauguratzera!

Adobezko etxeetan eta haimetan murgildurik, Sahararren hainbat ezaugarri ere hobeto ezagutzeko aukera izan genuen: 12 urte beteta ikasten jarraitzeko beste herrialde batera bidaiatzeko beharra (Argel, Kuba zein Venezuelara), higienearen inguruan duten kontzeptua, gizon-emakumeen arteko harremanak, kanpamentuaren egitura eta kanpamentu desberdinen arteko loturak eta bideak, eta beste hainbat kontu entzun genituen, hizlarien istorio berezien bidez.

1452227_812238735469061_588328338_n

Eta istorio guzti horietan behin eta berriz errepikatzen zen hitza dugu elkartasuna. Saharar herriarekiko elkartasunak eraman baitzituen Eider eta Nerea hara, eta haiek bezala beste hainbat eragile, erakunde eta herritar. Baina elkartasun honek Saharar herritarren artean sortzen dituen iritzi desberdinak eta kontraesanak ere azpimarratu zituzten hizlariek, horren inguruko hausnarketa sakon baterako bideak irekiz.

Horrela, alfonbraz apainduriko haimaz betetako argazkiak eta kanpamentuetako hareaz zipriztindutako istorio gehiago entzuteko gogoz amaitu genuen hitzaldia.

Arkaitz Astiazaran: 4.000 km. Euskal Herrian zehar bizikletan

Bidaien kontaketa zikloarekin jarraituz azken asteazkenean motxila hartu dugu, bizikleta koipeztatu eta Arkaitz Astiazanekin joan gara bere txikitako ametsa betetzera: Euskal Herria bizikleta batean / baten gainean ezagutzera.

IMG-20140521-WA0009

2013ko udaberriko goiz hotz eta euritsu batean hasi zuen bere abentura Eibarko Untzaga plazan eta batzuetan lagunduta eta gehienetan bakarrik 4.000 kilometroko lautadak eta medateak zapaldu ditu. Bere sorbaldak 800 herritako euri eta eguzkiz zamatu dira eta bere hankek 125 portu pasatu dituzte arnasestuka.

IMG-20140521-WA0008

Paperezko mapak eta bere intuizioak esaten zutenari kasu eginez, jende, toki eta berbeta guztiak pasatu ditu Arkaitzek eta hori egiten zuen artean bere kamerarekin Euskal Herriko kolore guztiak grabatu dizkigu: Arabako etxeen arrea, itsasoaren urdin-berdexka, Bardeetako horia, Pirinioetako mendien elur zuria, neke eta gosearen gorria eta ametsak betetzearen ostadarra.

Edertasuna kale-kantoian dugula esan digun audiobisual ederra.

Txantxi Santua pasata, Txantxi udalekuak prestatzen

Aurtengo Aste Santuko oporrak Ozaetako Aldaipe aterpetxean eman ditugu, herrixka isil eta baketsuan, paraje ederrez inguratua.

txantxi3

40 bat txantxikutar batu ginen, eta igarotako 4 egunek ez ziguten aspertzeko astirik ere eman. Eguraldia kaxkarra izan zen arren, giroak prestatutako ekintza guztiak burutzeko aukera eman zigun.

txantxi2

Nahi adina jarduera egin genituen: Gasteizeko hiria ezagutzeko argazki-ginkana, ibilaldia menditik Gebara gaztelura, sukaldaritza tailerra (cakepops goxo-goxoak), hitzaldia LOMCEri buruz… Gaubelak ere paregabeak izan ziren: hiltzailea, masaje-tailerra, baita dantza saioa aerobik ikastaro eta guzti.

txantxi aste santu1

Nahiz eta abentura laburra egin zitzaigun, ez ziren gutxi izan bertan bizitako abentura eta momentu guztiak. Orain kurtsoa amaitzear dago eta udalekuak inoiz baino gogotsuago prestatzen ari gara!

Eskulangintza tailerra izan dugu aurten lehenengoz Mullerrenean

Kristina Izagirre artistaren eskutik Familiei zuzendutako eskulangintza tailerra izan dugu aurten Mullerrenean. Bere ahizpak, Maria Izagirrek, Zientzietako saio batzuk gidatu ditu…esperimentatuz ederto pasa dute izena eman duten ume zein helduek. Kristinak, landutakoaren laburpena egin digu…Milesker bioi eta ia hurrengo ikasturtean errepikatzerik dugun! Plazerra!

https://www.flickr.com/photos/44134674@N07/14240555761/

Ikasturte honetan, azarotik martxora bitartean eta hamabostero behin (ostiral arratsaldetan), eskulanen ikastaroa izan dugu Müllerenean.
Familiei bideratuta egon da, beraz umeek nagusi bat izan dute laguntzaile. Zazpi familia izan gara partehartzaile, hamar ume eta zazpi nagusi osatu bait dugu taldea. Umeen adinak 5-10 urte bitartekoak izan dira.

Eskulanen bitartez, sormena eta zientzia lantzea izan dugu helburu.
Materile eta teknika ezberdinen hurbilketa bat izan da ikastaroa. Nahiz eta proposamen batzuk egin, lanak libreak izan daitezan saiatu gara. Materialak anitzak izan dira: gomaespuma, buztina, igeltsoa, gatz orea, oihalak, koloranteak, pinturak…. Eta material guzti hauekin hainbat gauza egiteko aukera izan dugu: gomaespuma itsatsi eta tallatu, josi, moldeak egin, etxeko plastilina egin…

zientzia1

Bestalde, zientzia tailerrak tartekatu ditugu Maria Izagirreren eskutik. Zientzia oso dibertigarria izan daitekela ikusi dugu bai umeek baita helduek ere.
Zenbait experimentu eta asmakizun egiteko aukera izan dugu oso materiale hurbilekin (puxikak, botilak, gomak, CDak…): erreakzio kimikoetaz baliatuz (ozpin eta bikarbonatoagaz, sumendia eta puxikak puztu…), materiale bitxiak ezagutuz ( fardeletako sodiozko poliakrilatoagaz, uragaz magia eta elur faltsua egin…) eta fisika azaltzeko zenbait asmakisun egin ere: airelabaingailua (marruskadura azaltzeko), pajitekin errotatxoak, puzikarekin jolasak (elektrizitate estatikoa eta erakarpen indarrak ulertzeko)…

Oso experientzia interesgarria izan da niretzat, hausnarketa asko egiteko aukera emon didalako: espazioa zelan antolatu, laguntzailearen papela zelakoa izan beharko litzateke, ze eskulan suertatzen dira erakargarriago, zeinetan umeak lan egiten dute libreago…

Eskerrik asko partehartzaileei zuekin ikasi dudan guztiagatik!!!

Kristina Izagirre

Balkanak: Bosnia, Kosovo eta Albaniara Iñaki Iglesiasekin

Hasi dugu 2.014ko Bidaia Kontaketen zikloa. Eta nola hasi ere! Asteazkenez, maiatzaren 14arekin, Iñaki Iglesias lagunak bere motxilan lekua egin eta Bosniako Banja Lukan hasita, poliki poliki, Balkanak gurutzatzera eraman baigintuen bidaia eder bezain gogor eta sakonean barrena.

IMG_7446

Hainbatetan izana da Iñaki Balkanetako herrialde guztietan, eta horietatik oraingoan Bosniatik Albaniara bideratu gintuen, eta handik jarraian Kosovora. Horrela egunotan uholdeek hain zigortua izan den Bosniako mendebaldean hasita, gaur egun Bosniako Serbiarren Errepublikaren hiriburua den Banja Lukan geratzen diren musulman apurrak nola bizi diren ezagutu genuen edo haien suntsitu gabeko azken mezkitak nola dauden erakutsi zigun.

IMG_7447

Garbiketa etnikoen aurretik Bosniak zuen osaketa etnikoa erakusten duen mapa. Jarraian, gaur egun, gerraren emaitza diren eskualde etnikoki ia-homogeneoen mapa azaldu zuen eta baita horren ondorioak aztertu ere.

Handik Sarajevora egin genuen, gerraren min eta hondarretatik bere burua berreraiki nahi duen hiri xarmaz betea argazki eta hainbat bizipenen bidez gure aurrera ekarriz. Horrela, beste askoren artean, Europaren erdian beharrean gutako edonork Asia Erdialdean irudikatzen dugun mezkita handi baten patioan sartzeak sortzen duen zirrara azpimarratu zuen.

gazi-husrev-begmosque-sarajevo

web bosniar batetik hartu dugun argazki honen antzeko batzuk bota zituen Iñakik bere emanaldian

Behin Sarajevon geundela, eremu musulman-kroaziarrera edo serbiarrera joateko autobus geltoki diferenteak daudela azaldu zigun hizlariak, euren artean itsu-mutu eta gor diren geltokiak, batean besteari buruzko argibiderik topatzea ezinezkoa diren geltokiak, bata Sarajevoko auzo musulmanean kokatua, bestea serbiarrean. Gerrak zatitutako eta bizkar emanda bizi diren jendeen geltokiak azken finean.

Behin Sarajevoko kale eta azoketan ibilita, Iñakik Bosnian ezker-eskuin mugitu gintuen, orain Serbiako mugaraino, orain Kroaziarekiko mugaraino, orain Poticelj izeneko herri txundigarriraino, orain erdi-aroko Visegradeko muga-zubiraino, azken geldialdia Mostarren eginez. Turismoaren irudiez haratago, Mostar bosniar-kroaziar katolikoen eta bosniar-musulmanen arteko maila guztietako banaketa zubi berreraiki batek islatzen duen herri ederra dela gogoratuz.

03

Gaur egun berreraikia dagoen eta Gerran gertakari ilunetan suntsituako zubiaren argazkia.

Bosnia utzi baino lehen, herrialdean naturak bor-bor egiten duela erakutsi zigun Iñakik, inongo mendikate famaturen urjauzi, mendi eta lakuen batere enbidiarik ez duten paraje zoragarrien irudiak Mullereneara ekarriz.

Bosnia utzi eta Albanian egin genuen sarrera Iñakiren eskutik. Handik Tiranako nahas-masa, koloretako eraikinak, herrialde osoan zehar han-hemenka barrieaturiko 600.000 bunkerrak, prezio merkeak, Greziarekiko mugan Saranda izeneko Benidorm-sortzen-ari berriak edo 1.000 leihoen hiria deitzen dioten Berat herria arakatu genituen.

Asko kontatu zigun Iñakik Albaniari buruz, eta bereziki gustura aritu zen Valbona izeneko haranaren inguruan. Herrialdearen iparraldean kokatua, Montenegrorekiko mugan, lurralde urrun, ahaztu eta menderakaitza lez aurkeztu zigun Iñakik, naturaren arauen menpe oraindik bizi dena, asfalto eta porlanetik alderrai. Hain aldendurik, ezen oraindik ere urtean 4-5 hilabete guztiz isolaturik ematen baitituzte eskualde horretan elurra dela bitarte. Bertakoen hitzak ekarri zizkigun Iñakik, eta nola oraindik haietako askok ez duten zibilizazioarekin lotuko dituen errepide onik eta diru gehiago ekarriko dien turismo olderik nahi, naturarekin eta tradizioarekin duten lotura hautsiko ote dieten prebentzioz.

Europako azken inguru ahaztuetakoa den lurralde alpino horretan, egitura soziala klanikoa da nagusi, Iñakik azaldu bezala, eta oraindik ere antzinako ohore-kodeek gidaturiko arau sozialak dira ia-ia lege bakar.

IMG_7448

hizlaria Balkanetako hizkuntzen arteko harremanak eta familiak azaltzen. Interesgarria nola Bosnian hiru komunitate etniko nagusiek hizkuntza bera duten (serbokroatera)

Azken geldialdia Kosovon egin genuen, eta Pristina eta Mitrovicez gain, serbiarren azken gotorleku erlijioso eta sinboliko diren monastegi ortodoxoetara egindako eguneko bisitak azaldu zizkigun. Kosovok duen gatazkari buruzko xehetasun gehiago emanez eta euskaldun gisa agertzeak Kosovon edo Serbian jasotzen dituen harrera ezberdinak adibide joriz jorratuz bukatu zuen saioa bidaiariak.

Eskerrik asko Iñaki hain saio aberatsa eskaintzagatik!!! Balkanak zure eskutik hobeto ezagutzeko zain geratzen gara…