Txantxikuak elikadura subiranotasunaz aritu ginen

Aurreko Apirilaren 6an, txantxikukide nagusitxoenak Mullerren elkartu ginen arratsalde pasa.

txantxiku sukaldaritza

Lehenengo orduetan, elikadura subiranotasunaren inguruan jardun genuen eta bideo eta azalpenek guretzat berria zen kontzeptua ulertzen lagundu ziguten.

https://www.flickr.com/photos/44134674@N07/14061554544/in/photostream/

Bigarren zatia, berriz, sukaldaritzari eskaini genion. Horretarako, Jon Ander etorri zitzaigun pizza kaseroa egiten erakustera. Behin pizzaren historia laburra ezagututa, masa egiteari ekin genion. Nabaritzen zen egiten genuen lehenengo aldia zela… eskerrak gure sukaldari eta pintxeek guztiontzako masa prestatu zuten! Azkenean sekulako pizzak eraman genituen etxera.

txantxiku sukaldaritza2

Arratsalde pasa eta afari goxo-goxoa. Ba al dago plan hoberik?

Partekatu

Dantza Afrikar Ikastaroa Merkatu Zaharrean

Froga moduan hasi genuena ohitura bihurtzen ari zaigu eta 2.014an bigarrenez, Dantza Afrikar Ikastaroa burutu dugu San Inazioko Merkatu Zaharrean. Ainhoa Unzaluren gidaritzapean eta Adama Guindoren zuzeneko musikarekin, partehartze polita izan du beste behin ere, luzaketak, lasaiketa teknikak, afrikar erritmoak, dantzak eta perkutsio eta ngoniaren zuzeneko doinuak gozatzeko luxua eskaintzen duen ikastaro honek.

DSC03692

(argazki gehiago hemen)

Ikastaroaren bukaera aldera, ikastarotik kanpo baina horrekin lotuta, Deustuko Jaietan, Pare Talde Feministaren txosnaren aurrean Dantza Afrikarren Tailerra eskaini zuten Ainhoak eta Adamak, baita arrakasta haundiz egin ere. Partehartze handia egon zen bai Pareko kideen aldetik bai inguruan bildutako jendetzaren aldetik, eta formato arin eta txikiko tailerra izanagatik, balorazio oso baikorra egon zen partehartzaile eta emaleen ahotan.

Nola ez, gehiagoren zain geratzen gara!

Dastagarri, hemen Adamaren ngoni saio zoragarria musikakide batekin:

Txalaparta Tailerra udaberrian

Azken asteotan hainbat lagun bildu gara Mullerenean Argibel Euba txalapartariarekin ttakunaren eremuetan galtzeko gogoz, txalapartaren oinarriak eta teknikei hurbilketa bat egin eta tailer moduko saio batzuk egiteko. Hain gustura ibili garenez, ez dago zalantzarik errepikatu egingo dugula. Gutxienez txalapartaren doinuen oihartzunek, joaren joaz, Mullereneako hormak erraz gurutzatu arte!

Hemen sakatuta argazki guztiak:

IMG-20140414-WA0008

Eta hemen sarean topatu dugun Argibel eta bere txalapartakidearen saio bikaina:

Orain ikasitakoa eguzkipean praktikatzea baino ez da falta, ahal dela, Ramon y Cajal berrian!

Aurtengo mikroipuinak eskuartean izango ditugu laster

Mikroipuinak portada 2014

Urtero legez Euskararen Unibertsoak mikroipuin lehiaketa antolatu du Deustualdeko ikastetxeen artean. Bertan, LH, DBH eta Batxillergoko ikasleek parte hartu dute adinka antolatutako kategoria ezberdinetan eta aurten, epaimahaian, Ugaitz Alegria aktorea eta Ander Arana Intxixu Ikastolako liburutegiko arduraduna izan dira. Portadaren diseinua, berriz, Janire Soldevillarena da.
Zortzi ikastetxetako ikasleek beraien mikroipuinak aurkeztu dituzte, era guztietako gaiak jorratuz eta maila ederra erakutsiz. Maiatzean sari banaketa egingo dugu Ibarrekolandako kontserbatorioan egingo den Bertso-Jaialdian. Bertan, idazle gazteek beraien ipuinak irakurriko dituzte oholtza gainean.
Mometuz, maketazio lanak bukatuta, inprentarako bidea hartu dute aurtengo mikroipuinek. Laster eskuartean izango ditugu!

Berbaizuko sudaderak salgai

eredua_aurreko partea

Aurtengo jaietarako Berbaizuk sudadera berde polit ederrak egin ditu. Diseinua Janire Soldevilla artistarena da eta oraindik, harritzekoa bada ere, bakar batzuk bulegoan ditugu salgai. 18 eurotan zuretzat! Deitu, idatzi edo hemendik pasa zaitez interesatua baldin bazaude

BERBAIZU EUSKARA ELKARTEA
RAMON Y CAJAL 42
94 447 10 42
berbaizu@euskalnet.net

Berbalagun talde berria Deustun: Asteartetan goizeko 11.00etan

Goizetan plan bereziren baten beharra duzu?

Jende berria ezagutu nahi duzu giro euskaldunean?

Euskaraz hitz egiteko bultzadatxoa behar duzu?

Aukera ezinhobea duzu oraingoan!

Berbalagun talde berria sortuko dugu laster, asteartero 11.00etatik 12.00etara bilduko dena.

Euskaraz gehiago hitz egin nahi, euskara  maila hobetu ala euskaraz bizi
nahi baduzu, eman izena Berbalagun proiektuan !

Edozein galdera egiteko edota izena emateko jar zaitez gurekin kontaktuan:

E-maila: deustualdekoberbalaguna@gmail.com
Telefonoa: 944 471 042 (Asteartetan 20.00etatik aurrera)

Alex Arregiren kontzertua Mullerenean

Martxoak 20 zituen Deustuko Jaietako bigarren ostiralean, eta azken urteotan egin izan dugun legez kontzertua antolatu genuen Mullerenean. Oraingo honetan etxekoa artista, Alex Arregi kantari eta kitarrajolea.

la foto 2

Hasiera hasieratik nabaria zen etxean jotzen ari zela Alex, eta horrela aitortu zigun berak ere bertaratu ginenoi, publikoan aurrez-aurre hurbileko jende asko ikusita eskenatoki handietan baino dantzariago zituela kirioak behin baino gehiagotan azalduz.

foto3

Ordu t´erdi luzez joan zitzaigun saioa, eta Alexek bakarlari gisa sortutako hainbat kantez gain, Urreiztieta Konexion, Katamalo edo Keatsekin jotako hainbat doinurekin une goxoak eta gozoak pasarazi zizkigun. Kontzertuko une gorenetako batzuk lehen lerroan eseritako hainbat gaztetxok egindako koro inprobisatuekin eman ziren, emanaldia kontzertu gutxitan bizi daitekeen naturaltasunez betez. Ezin aipatu gabe utzi ere Delirium Tremens taldearen Laino Ilunak kantaren bertsioa, denok lotsa galduta kantuan jarri gintuena.

la foto 1

Bukaeran, bertaratutako ia 40 lagunak pozik eta Mullerenea Alex Arregiren esku eta ahotsarekin ordu t´erdiz lehen mailako kontzertu akustikoaren areto bihurturik.