Otsailaren 14an hasiko da Dantza Afrikarren 2014ko ikastaroa

Urteak dira Berbaizu Euskara Elkarteak Dantza Afrikarren ikastaroa antolatzen duela. 2013ko azarotik abendura bitartean ospatu zen azken edizioa; eta izandako arrakasta kontuan izanik, ikastaroa berriz ere martxan jarriko dugu.
Orain arte bezala, San Inazioko Azako Zaharrean izango dira saioak Ainhoa Unzalu dantzariaren gidaritzapean eta Adam Guindo musikari griotaren zuzeneko parte hartzearekin. Hori gutxi balitz, oraingoan Afrika Aniche Afrikaren aldeko elkartearen laguntza eukiko dute.
Gaurtik hasita, otsailaren 14ra bitartean, ikastaroan parte hartu nahi duten lagun guztiek Berbaizuko emailera (berbaizu@euskalnet.net) mezu bat idatzi beharko dute.

Animatu eta parte hartu!

Dantza afrikarraK2_1

Partekatu

Zona Especial Norteren bigarren edizioak musikaz bustiko du Deustuko Iparraldea

Urtarrilaren 31tik otsailaren 2ra bitartean, Zona Especial Norteren (ZEN) bigarren edizioa ospatuko dute Deustun. Gauzak horrela, Ramon y Cajal eta Luzarra kale inguruetan musika giroa nagusituko da.

zona especial Norte

Guztira 16 taldek joko dute taberna eta kaleko espazio ezberdinetan eta goizetik gauera, musika estilo anitzetaz gozatu ahalko dugu.
Müllerrenean bi kontzertu izango ditugu otsailaren 1ean, larunbata, arratsaldeko 18:00etan; Lorelei Green eta El Trobador de La Ribera. Animatu eta parte hartu!

Txantxikukideok gogotsu hasi dugu urte berria!

Motxila prestatu, mendiko botak jantzi, txubaskeroa hartu… eta hala abiatu ginen 60 txantxikukide inguru pasadan igandean, urtarrilaren 19an, nora eta… Urkiolara!
Hotza eta euria ez ziren gai izan gure gogoak zapaltzeko eta indartsu abiatu ginen Urkiolamendi tontorrerantza. Bide aldapatsua barre eta berba artean hasi genuen.

txantxiku mendian 2014/01/19

Gero eta gorago igo ahala, elurra eta lainoa nagusitzen hasi ziren bidean. Horrek baina, ez gintuen izutu; eta poliki eta gogotsu jarraitu genion bideari. Tontorrera iritsitakoan elur panpin eta elur-bola guda artean pasa ziren minutuak, jaisteko garaia iritsi zen arte.
Eguerdirako behean geunden eta parkean dagoen aterpera sartu ginen, gainontzeko mendizaleekin batera. Bazkaldu ondoren egindako jokuek gorputza berotzen lagundu ziguten.

Arratsalderako, ikuspegira hurbildu ginen, Anbotoko Mariren kurbetaz gozatzeko; eta tradizioari jarraituz… tximistarriari hiru buelta emateko ere astia izan genuen!

ABENTURA PAREGABEA TXANTXIKU!

Badator Zona Especial Norte-ren bigarren edizioa

Bigarren urtez, Deustuko taberna, komertzio eta eragile ezberdinek Zona Especial Norte egitasmoa antolatu dute. Gauzak horrela, Luzarra eta Ramon y Cajal kaleetan musika nagusituko da urtarrilaren 31tik otsailaren 2ra bitartean. Musika estilo askotarikoak izango ditugu entzungai eta talde gehienak bertakoak izango dira.

zona especial Norte

Besteak beste, Müllerrenean bi hitzordu izango ditugu otsailaren 1ean, larunbata, arratsaldeko 18:00etan; Lorelei Green eta El Trobador de La Ribera. Gainontzeko emanaldiak Deustuko iparraldeko taberna eta txokoetan izango dira goiz, arratsalde eta gauez. Antzolatzaileek Deustura gerturatu eta egitasmoaz disfrutatzeko deia zabaldu dute.

Punto eta Kakorratz ikastaroan izena emateko aukera berria

Aurten ere, Berbaizuk ikastaro eskaintza zabala antolatu du neguari begira. Urrian eman zitzaien hasiera gehienei eta Puntu eta kakorratz ikastaroa izan da aukeretatik arrakastatsuenetakoa. Abenduan bukatzea aurreikusten bazen ere, ekainera arte luzatzeko gonbitea egin digute parte hartzaileek beraiek.

Puntu eta Kakorratz ikastaroa

Gauzak horrela, asteartetan 10:30etatik 12:30etara, eta ostegunetan 19:00etatik 21:00etara, Müllerrenean hitzordua izango dute artilearen zaleek. Norberak sortzea ematen duen pozaz gain; taldeak, jakintzak elkarbanatzeko aukera ere zabaltzen digu eta horretan oinarritu da ikastaro hau.
Kristina Izagirrek zuzendutako tailerrean, mantak, jertzeak, haur txikientzako arropak, apaingarriak, bufandak, galtzerdiak eta beste hainbat elementu egiten ikasi dute parte hartzaileek eta orain, sormena garatu eta ezagutza indartzeko aukera luzatu diegu. Hala ere, ikastaroak jende gehiago onartzen du eta beraz, interesa duen edonork, Berbaizura idatzi edo deitu dezake izena emateko.

Berbaizu: 944471042
berbaizu@euskalnet.net

Familientzako eskulangintza tailerrak martxan jarraituko du

Irailean familian egiteko eskulanen tailerra hasi genuen, non 5-10 urte bitarteko umeek helduekin taldeak osatu dituzten elkarlanean aritzeko. Eskulanen bitartez, sormena, berziklaketa, zientzia… landu dira eta parte hartzaileek euren jostailu zein apaingarriak egiteko aukera izan dute.

Ikastaroak arrakasta handi izan du eta beraz, luzatu egingo dugu. Datorren saioa urtarrilaren 24ean izango da.

Deustuko Jai Batzordearen 2014ko Gabonetako zozketa

Baditugu Jai Batzordeak Gabonetarako antolatutako zozketaren irabazleak. Lehenengo saria, Bordatxon bi pertsonentzako bazkaria, 5170 zenbakidun boletoak irabazi du; bigarren saria, lau pertsonentzako 24 pintxo eta 8 edari La Tapa tabernan, 1958 boletoa duen lagunak gozatu ahalko du; eta hirugarren saria, 100 euroko balea Deustu Bizirik-en xahutzeko, 1731. boletoak eraman du.

boletoa

Zozketaren irabazleak urtarrilaren 14, 15 eta 16ko ONCEko azkenengo 4 zenbakiekin erabaki dira boletoetan esan bezala.

Uxue Alberdiren “Euli Giro” liburua martxoaren 5ean Irakurlearen Txokoan

Martxoaren 5ean, asteazkena, Uxue Alberdi etorriko da Irakurlearen Txokora bere azken liburuaren inguruan jardutera eta gurekin batera liburuaren nondik norakoak aztertzera. Hitzordua 20:00etan izango da Bidarte Auzo Etxean.

Liburuari buruzko informazio osoa Susaren orrian eskuratu daiteke. Honetan, liburuaren atal ezberdinak zein lanaren inguruko 7 kritika irakur daitezke eta “Euri Giro” ebook formatean erosteko aukera ere jasotzen da.
Aurreko informazioaz gain, Iraitz Urkulok, literatur kritikariak, azaroan BERTON aldizkarian liburuari egindako kritika irakurtzeko gomendioa ere luzatzen dugu, martxoko solasaldian lagungarri izango zaizuelakoan.