Aurtengo mikroipuin irabazleak

Laugarren urtez Euskararen Unibertsoak Deustualdeko 9 ikastetxeen arteko mikroipuin lehiaketa antolatu du. Aurten be maila handia izan da ipuinen artean eta epaimahaiak kostata erabaki ditu irabazleak eta aipamen bereziak. Iñaki Soler, Arrate Santiago eta Garazi Tomas izan dira 2013ko irabazleak. Beraien ipuinak irakurri nahi?

Iñaki Soler, San Inazio BHI

ZER NAIZ NI?
Zer naiz ni? Galdera horixe egon naiz egiten nire bizitza osoan, eta ez dakit ea biziduna naizen edo ez. Ez dakit ea planeta bat naizen; edo agian, garbigailu bat. Ez dakit ea katu bat naizen, edo sua. Ez dakit zer naizen baina jakiteko asmoa dut. Horretarako, Lurra deitzen den planeta batera egingo dut bidaia, eta hango fenomeno eta bizidunen artean infiltratuko naiz. Sumendi batean nago, eta ez naiz gustura sentitzen. Erupzioan, laba artean jartzen naiz, baina oso bero dago eta hortik urruntzen naiz. Bistakoa da ez naizela laba. Geroago, izaki bizidun bat naizen ikusi nahi dut, eta enbor batez eta hostoz osaturiko bizidun baten alboan jartzen naiz berarekin harremanak izateko. Geroago, lotsatia dela ziurtatzen dut eta nik lehenengo hitz egitea erabakitzen dut. Izena galdetzen diot, egun ona egiten duela esaten diot, Ilargian bandera bat dagoela ohartarazi diot, baina ez dit ezer esaten. Azkenean, izaki bizidun baten teoria hori albo batera uzten dut. Ondoren, kultura bat naizela pentsatzen dut, eta Pariseko Eiffel Dorrera noa, Frantziako kultura ezagutzeko. Ez dut ezer sentitzen berarekin. Gero, Notre Dame katredalarekin saiatzen naiz, baina ezinezkoa da. Pentsatzen hasita, ez dut kulturekin zerikusirik; eta honek guztiak, bakarrik gauza bat izan naitekeela esaten dit: Eza. Bai, eza; espazioko airea, existitzen ez dena, eza. Ni eza naiz, baina ezer ez izatea errege bat izatea bezain ona da, benetan.

Iñaki Soler
San Inazio BHI

Arrate Santiago, Arangoiti ikastetxea

INORK EZ ZUEN ETXETXO BATEN ATEA IREKITZEN
Bazen behin etxetxo bat, inork ez zuen irekitzen atea. Egun batean etorri zen postaria eta txirrina jo zuen: din-don! Ez zen inor ateratzen! Orduan gutun bat atearen ondoan utzi zuen. Bost minutu pasa eta gero, zapatagilea etorri zen eta txirrina jo zuen: din-don! Ez zen inor ateratzen, eta orduan zapatak utzi zituen gutunaren gainean. Ordu bat pasa ondoren, ogi-saltzailea ogi batekin etorri zen. Txirrina jo zuen: din-don! Baina berriro ez zen inor ateratzen. Eta badakizue non utzi zuen ogia? Zapaten gainean utzi zuen. Hamabost minutu pasa eta gero lore-saltzailea etorri zen lore sorta batekin, txirrina jo zuen: din-don!, Ez zuen inork atea irekitzen, orduan lore sorta utzi zuen ogiaren gainean. Bi egun pasa eta gero, oraindik gutuna, zapatak, ogia eta lore sorta atearen ondoan zeuden, eta neskatxo bat etorri zen. Neskatxo horrek gutuna hartu zuen, ondoren zapatak jantzi , lore sorta eskuan hartu eta ogia jan zuen. Ba al dakizue nor ote zen neskatxo hori? Etxetxoaren jabea zen.

Arrate Santiago
Arangoiti ikastetxea

Garazi Tomas, Ibarrekolanda BHI

BIZI MARKAK

Errepideek bezala zeharkatzen zuten haren aurpegia. Bizitzaren kolpeek, laztanek, ilusioek, haserraldiek eta maitasunek eraikitako bidexka sakon eta korapilatsuak ziren aitonarenak.

Amaren besarkadekin hasi ziren agertzen, urteak igaro eta gerrak sakondu egin zituen, gaztea izanik; goseak eta beldurrak zaharkitze prozesua bizkortu zuten eta.

Lehen maitasunak irrifarrearen marka utzi zuen, lehen alabak kezkarena, begi alboetan irudikatuta… Baina ilobak aldatu zuen haren aurpegi zaharraren expresio osoa, aitonak bizitako guztia zimur maitagarrietan bilakatuz.

Ezerk ez zuen haren esperientziaz beteriko aurpegia baretu, heriotzera arte iraun zuten aitonaren zimurrek.

Garazi Tomás
Ibarrekolanda BHI

11 arrazoi Berbaizukide izateko

bazkidetza_panfloa

Eta norberak berea du. Ekainean jasotzen dugu gure bazkideengaitik urteko kuota. Diru ekarpen apur askoren batuketa, sostengua da elkartearentzat, arnasa eta indarra, kontutan izanda urtero-urtero instituzioetatik jasotzen dugun diru laguntza murriztuz doala.
Denon esku dago bazkide kopurua handituz joatea, ondoan dugun lagun, lankide, kuadrilakide euskaltzalea animatuz.
txiri txiri, aurrera!
idatzi edo deitu: berbaizu@euskalnet.net edo 94 447 10 42

Nataliari agurra

Natalia agur 1

– Akordatzen gara zelan ezagutu genuen elkar Dimako aireportu zaharrean, AEKanpadarako gure txartelak jasotzen, aekide!

– Akordatzen gara zelan parte hartu zenuen elkartearen normalkuntza lantaldean, merkatari euskaldunon lehen gida osatzeko lanetan, baita gidaren diseinua bera egiten ere.

– Akordatzen gara zelan parte hartu zenuen Deustuko Euskararen Unibertsoaren sorrera jardunaldietan, egin berri zenuen ikerketa baten datuok aurkezten.

– Akordatzen gara ze-nolako harrotasunez egiten zenuen berba Indautxuko zure berbalagun taldeaz, berbalagun!

– Akordatzen gara ze-nolako ilusioa egiten zizun urtero Deustuko jaien atarian Done Petri plazan paratututako gure udaletxeko maketan Deustuko bandera igotzen laguntzeak, deustuar peto hori!

– Akordatzen gara zelan egin diozun aurre gogotsu Jai Batzordean gure ordezkaria izatearen erronka berriari, jai-batzordekide!

– Akordatzen gara zelan esan zenion aitari gutako bat Madrilera lan egitera zihoala eta holan 5 urtez, Madrilerako joan-etorrietan bidelagun bihurtu ziren.

– Orobat, akordatzen gara zelan kontatzen zenuen harro zure ama Deusturako Alternatiba plataforman ibilia zela.

– Akordatzen gara zelako ilusioa egiten zizun izeko bihurtzeak, aste honetan bertan zure ahizpa Yvonnek Eihar zure loba mundura ekarriko baitu, gure elkarteko ohorezko bazkide berria izango dena.

– Akordatzen gara zure bizitzeko gogoaz, gaisotasuna gorabehera, elkartean ardura berriak hartzen.

– Akordatzen gara zelako borrokalari aparta izan zaren urteotan zabaltzen ari zitzaizun gaitzari aurre egiten.

– Eta nola ez, akordatzen gara urteotan ateratako milaka argazkiz eta Deustuko memoria garaikideari ze-nolako ekarpena egin diozun!

– Eta egunotan gure bazkide batek faceboocken zabaldu duenez, euskara zure bizia zen, AEK lan-tresna eta Berbaizu dena zenuen, BERBAIZUKIDE!