Arbitroari gazteleraz? eta ikasten ari denari? eta txisteak? eta beste hainbesteri??? Euskararen Espektakulua

Aretxabaletako Loramendi euskara elkarteak bere youtubeko kanalean igo ditu gure hainbat ohituren gaineko bideo bikain batzuk. Deustu ez da Aretxabaleta, baina hizkuntza-ohitura aldetik asko eta asko hurbil xamar ditugu.. Lan ederra aretxabaletarrena!

Zuzeun aurkitu dugu albistea, hemen sakatuta 11 pasarteak eskura, eta jarraian entresaka txiki bat:

* Arbitroarena:

* Holandarrarena:

* Ikasten ari denarena:

Partekatu

Txantxikuak piraguetan

Maiatzeko bi asteburu jarraian joan dira Txantxikuak piraguetan ibiltzera…lehenengoan txikiekin, nagusiekin gero.Hauxe kontatu dutena!

txantxiku piraguak

Plisti-plasta plisti-plaust!

Eguzkia atera zen azkenik eta etxeko txikitxoenak egunaz gozatzera joan ginen piraguetara.

Binakako piraguetan Deustuko itsasadarrean murgildu ginen Txomin, Iker eta Markelek emandako azalpenak arretaz entzun ostean. Haiekin batera, lasterketetan eta jostatzen ibili ginen. Ipar haizeak, baina, gogor jo zuen eta zaildu egin zigun paseotxoa.

Mela-mela eta blai-blai eginda bukatu arren, primerako plana izan zen larunbat arratsalderako.

Herbeheretan Ikasle

Asteazkenez Müllereneara bertaratu ginenon artean batzurentzako beranduegi da Erasmusen izena emateko.. baina beste batzuk oraindik garaiz daude eta Leire Palaciosek Herbeheretan barna egin zigun ibilaldia gozatu eta gero, ziur batek baino gehiagok bere aukeren zerrendan lehen postuetara igo duela herrialde laranja.

Lehenik eta behin Frisian lurrartu genuen Leireren eskutik, eta iparraldeko sarreraren ondoren beherantz egin genuen Amsterdamerantz eta Zwollerantz, azken hiri honetan ikasturte oso bat emateko gure hizlariarekin batera. Zuhaitzetan irauteko aireratutako oinetakoak, ikasle-jaiak, bizikletak eta garagardoak atera ziren bata bestearen atzetik, baita beste asko ere! Beraz zer hoberik zerrendatzen jarraitu baino lehen Leirek egindako Ik Was Erasmus dokumental ederra ikusi eta gozatzea baino! Eskerrik asko Leire eta hurrengo Erasmuserarte!!

Eta asteazkenean Ane Labianoarekin Palestinara!

Bidaiariak kartela pantalla 2013

Irudiak: IV. Mikroipuin Lehiaketa & Bertso Topaketa Kontserbatorioan

Elorri Bertso Eskolak igo ditu sarera joan den ostiralean Ibarrekolandako Kontserbatorioan ospatu genuen Euskararen Unibertsoko Bertso Topaketa eta IV. Mikroipuin Lehiaketako sari banaketako irudiak. Eskerrik asko Elorri!!

Gure aldetik hurrengo egunotan igoko ditugu ipuin irabazleak sarera, guztiok irakurgarri izan ditzagun. 65 mikroipuinetik gora biltzen dituen bildumaren ehunaka ale banatzen dira eskola partehartzaile guztien artean, eta Deustualdeko gaztetxoen lumek zein ondo dantzatzen duten ezagutu nahi duenak elkartearen lokalera hurbildu baino ez du liburuxka bat eskuratzeko.

Bitartean, hemen sakatuta Elorrik igotako bideoetako bat, eta hemen bertso sorta ederra ikus eta entzungai:

Botikazarretik Anantapurrera

Asteazkenez ez ginen lagun asko batu Mullerenean. Jende kopurua baina, ez zen oztopo izan ordu t´erdiz Deustu utzi eta Botikazar Institutuko 20 ikasle eta 2 irakaslerekin batera India hegoaldeko Anantapurreraino abiatzeko. 2.012ko ekainaren bukaeran Vicente Ferrer fundazioak paraje haietan dituen proiektuak ezagutzen ibili zen Batxilergoko ikasle taldea, eta Koldo Lekunberriren solasak eta irudiek egunez egun ekarri zuten bisitaldi haietako indarra eta bizipen ekaitza Mullereneako hormen artera.

Egun batean IHESak jotako umeekin, beste batean gorrak eta itsuak diren haurrekin, harakoan kasta desjabetuen eta baztertuenetako emakumeekin, hurrengoan bufaloen zimaurrarekin sortutako metanoa sukaldeetara bideratzen duen egitasmoa ezagutzen, jarraian nekazaritza egitasmo berriak bertatik bertara zapaltzen, segidan herritarrek prestaturiko harrera dantzatu eta koloretsuan eskuak hartuta.. egun ederrak. Guztiaren gainetik txirotasun sakonenean bizi direnen irrifarreak azpimarratu zituen hizlariak, txundigarria bezain liluragarria.

Aurten berriz ere Indiaratzekoak dira Botikazarreko ikasleak, urtetik urtera indartzeko asmoz sortutako egitasmoa baita asteazkenean azaldu zigutena.
Zorte eta kuraia on opa diegu, eta jakina, bueltakoan berriz ere Mullereneatik pasa daitezela bizitakoa kontatzera, nola ez!!

Bidaiari-India_0006

Botikazarreko ikasleak ezintasun diferenteak zituzten emakumeen oihal-tailerrean, haien jantziak soinean.

Bidaiariak kartela pantalla 2013

oh: datorren astean Holandara!

Bihar eskolen arteko Bertso-Saioa kontserbatorioan

Imprimir

Udaberria heldu da eta urtero bezela, Deustualdeko eskolen arteko Bertso-Saioa egingo dugu. Bihar dugu hitzordua, goizeko 10:30etan hasiko da ekitaldia eta bertan Arangoitiko ikastetxeko, Deustuko eskolako, Deustuko Ikastolako, Ibarrekolanda BHIko, San Inazio BHIko, Intxixu Ikastolako, Botikazar institutuko eta San Inazio eskolako ikasleek parte hartuko dute. Bertso sorta ederra kantatzeaz gain IV. Mikroipuin lehiaketako sari banaketa ere izango da eta irabazleek beraien ipuinen irakurketa egingo dute.
Hori guzti hori Etxahun Lekue bertsolariak aurkeztuko digu.
Aste honetan, gainera, Deustualdeko Euskararen Unibertsoa lehenengoz bildu zenetik 10 urte bete dira.
Zorionak guztioi!

Bidaiarien txokoa Mullerrenean

Bidaiariak kartela pantalla 2013

Aste honetan eta ekainaren 12a bitartean, Mullerrenea Bidaiarien Txoko bilakatuko da asteazkenero. Iazko jardunaldiei helduko diegu aurten ere eta astero-astero hizlari bat izango dugu gurean berak egindako bidaia baten berri emonez. India izango da gure lehenengo helmuga. Botikazar Institutuko irakasle den Koldo Lekunberri eta zenbait ikasleren eskutik Vicente Ferrer fundazioaren egoitzan bizitakoa kontatuko digute. Hitzordua, datorren asteazkenean, maiatzaren 15ean, izango da. Datozen asteetan, Herbehereak, Palestina, Vietnam eta Nepal bisitatuko ditugu Deustutik bertatik. Den-dena, argazkien proiekzioz eta giro ezinobean. Galduko duzu?

Jon Alonsok harrera ederra izan du Deustun

Irakurlearen txokoa, Jon Alonso2

Dastatutako platera: “Zintzoen saldoa” nafar erara.
Egilea: Jon Alonso.
Txalaparta argitaletxea, 2012

Osagaiak zenbait irakurlerentzat:

–Sukaldaritzaz haundi maundiak.
–Marketing gaindosi pottoloa.
–Administrazioen inplikazio zuzena.
–Eliteentzako janarien izendatze sasi poetiko (gero eta aldrebestuagoak)
–Sukaldari batzuen kontsiderazio kuasifilosofikoak eta dogmatikoak.
–Akzioa eta mundu ezkutuaren argitasunak!!!
–Azkenik, maisutasun haundia narrazioan.

EMAITZA:
Bost izarretako platera munduko zenbait gourmet gidetan.
______________________________________

Asteazkenean izan genuen aukera plater hau dastatzeko; zer dagoen euskal sukalde inportante askotan eta hemendik kanpokoetan ere.
Noraino aupatu egin den sasi zientzia hau zenbait estamentuen aldetik eta nolako etekinak eta baita zorrak eta bestelako zuloak gertatu diren honen inguruan. Denetarik egon delako.
Bada geure jatetxeko txefak ongi hornitua zeukan biltegia eta osagai pilo jarri du mahai gainean. Denon bistan utzi ditu adituen iruzkinak eta susmoak. Bai eta bereak ere.
Zein nolako enporioak altxatu egin diren labe baten magalean eta jatetxe xume baten gerizpean.
Mundu horretan mugitzen den guztiarekin guztiz logikoa da ondorioztatzea soslai askotako pertsonaiak egiten dutela bat eta eleberrian ondo isladatua eta txertatua agerian dago.
Di-da batean, asetu barik, dastatzen den gutizi literarioa dugu Zintzoen saldoa.
On dagizuela!!

Autengo Mikroipuinak labean dagoeneko

Aurten ere Deustualdeko ikastetxeen arteko Mikroipuin lehiaketa antolatu dugu.Epaimahaian Jon Gerediaga, Arantza Ibarra eta Eukene Martin idazleak izan ditugu eta urtero bezela ez da batere erreza izan irabazleak eta aipamen bereziak aukeratzea. Azkenean epaia eman dute eta Iñaki Solerren, “Zer naiz ni”, Arrate Santiagoren “Inork ez zuen etxetxo baten atea irekitzen” eta Garazi Tomasen “Bizi Markak” aukeratu dituzte.
Mikroipuin guztiekin liburuxka argitaratuko dugu eta hurrengo astetik aurrera eskuragarri izango duzue gure bulegoan. Bitartean, portada aurreratzen dizuegu. Aurtengo diseinua Irantzu Carralek egin digu. Imprimir