Nuriak Zelanda Berrira eta Maitanek El Salvadorrera

Iñaki Guridik Ghanako hondartzetara eta Etiopiako Oma bailarara eraman gintuen lehendabizi. Hurrengo astean Iñigo Kareagak Venezuelan zehar gidatu gintuen,  Meridako 4.765 metrodun Pico Espejotik Orinocoko Los Llanos heze eta zabaletara, Tucupitako palafitoetatik Tepuy bakarti eta estralurtarretara, eta jarraian handik Roraimako Yekuan indijenetatik Puerto Columbiako afrikar jatorriko jendeetara.

argazki guztiak hemen 

Asier Alberdik ostera zuzen-zuzenean Guatemalako Quetzaltenangora abaiarazi gintuen bertan emakume elkarte batean hainbat hilabetez burututako lana hurbiletik ezagutzera. Erizaintza lanak, gaixotasun sexualen gaineko hezkuntza eta prebentzioa, emakumeen kontrako biolentziaren aurkako lana, jazarritako emakumeen harrera eta babes programak… Benetan interesgarria Asierrek azaldutako guztia. Guatemalako Atitlan laku zoragarria edo Tikaleko hiri ezkutua ahaztu gabe jakina!

Jada zikloaren azkeneko txanpan sartu gara eta horrela asteazkenez Nuria Arroyok Zelanda Berrian zehar barneratuko gaitu eta ostegunez Maitane Muñozek El Salvadorren emakumeen aldeko taldeetan jardun zueneko garaia ekarriko digu Mullereneara hurbiltzen garenoi. Ez galdu bidaiatzeko aukera aparta hauek!!!

Partekatu

Igandean Gala Galanta Berriaren alde Erriberan

Igande hontan Berriari babesa emateko zita dugu Pabellon 6en. Goizean umeentzako Eguzkiaren Bidaia antzerkia izango da eta arratsaldeko 20:00tan, baten faltan Ander Lipusen Aurkezle Hutsa-z, 4 antzerki saioko maratoia! Gainera Erriberako jaiak izanda aitzaki ezinhobea bueltatxoa emateko.

Berriak gure ziztada behar duelako!

Bertso Saio itzela Ibarrekolandan

Ekaina bukaeran gaude eta jada oporretan daude gure bertsolari gazteak. Aurten ere, ikasturteari bukaera emoteko Ibarrekolandako kontserbatorioan sekulako Bertso Jaia antolatu genuen. Gure umeak eta gazteak, zein baino zein hobeto aritu ziren. Eurokopa dala eta hona hemen Ainhoa Laparrak, Elorri Bertso Eskolako kideak egindako bertso sorta:

Krisiagaitik lurperatuko

omen da laster Europa

langabeziak famili pila

utziko ditu lur jota

gazteak gara eta lepoan

lotuta daukagu soka

baina guztia ahaztu dezagun

hemen dugu EUROKOPA!

Maite ez dugun selekzio bat

bazkaltzen dut egunero

egin gaituzte kolore gorri

ta horiaren bezero

Ramos, Casillas, Llorente, Silva

Alonso edo Negredo

nolako poza hartuko nuke

eliminatu ezkero!

San Juan Sua Aranbeitin

Larunbatean Aranbeitin ongietorria eman genion deustuarrok Udako Solstizioari. Jai Batzordeak piztutako sua menditik jaitsi zen eta Deustu piztu zuen, baita ederki berotu ere! Dantza, alboka eta txalaparta doinuek are gehiago igo zuten sugarren beroa eta horrela gauak guztiok sorgindu ginduen…

Hemen argazki sorta ederra.

http://www.flickr.com/photos/44134674@N07/7431379484/in/set-72157630262687390

EGUNA – gaur orain dela 75 urte

1.937ko ekainaren 14an Bilboko Posta kalean egiten zen Eguna egunkaria ez zen gehiago kalera atera, ekainak 13an eman baizuen bere azken kimua. Urtzi Urrutikoetxeak gaur ekarri digun bezala, 6 hilabete lehenago alaitasunez beterik editorializatzen zuen egunkari euskaldunak

«Pozez ganezka gatoz eta poz orreri eutsi eziñez negarra yatorku begietara. Ezin dogu ziñestu. Euzkeltzale ta euzkeldun gustion ames zoro ta ezintzat uste zana, egi ta ixatean biurtuteko agindu zindua artu dogu gozetik gabera (…) Etxepare'ren ames berberez kutsututa gatoz. Eta EGUNA biotz, begi eta gogoetan darabilgunok, idazle zar aren kanta bero eta gartsuz didar dagigu: Euzkera, jalgi adi kanpora! Euzkera, jalgi adi plazara! Euzkera, abil mundu gustira, EGUNA'ren egoetan!».

bere azken hatsa eman zuen Bilbo (eta Deustu) setiatu zuen eraso faxistaren oldarraldiarenpean. 53 urte beranduago, Estepan Urkiaga Lauaxeta edo Manu Ziarsolo Abeletxeren lekukoa Martin Ugalde edo Joxemari Zumalabek hartu eta Egunkaria loretu zen.

Berriz ere inausi ziguten eta berriz ere Berria inarrosi. Ea guztion ziztadari esker beste kimatzerik ez dugun ikusi eta pairatu beharrik!!!

Atzo Ghana eta Etiopian izan ginen

Iñaki Guridi_0012

Atzo estreinatu genituen Bidaia Kontaketak Mullerrenean. Iñaki Guridik Afrikako Ghana eta Etiopian ikusi eta bizitakoa kontatu zigun, argazki ederrez lagundutako solasaldian. Hamabost bat lagun elkartu ginen Ramon y Cajal 42ko lokalean. Hurrengo asteazkenean Iñigo Kareagarekin Venezuelara! Etzazu galdu!

Ekainean Bidaia Kontaketak Mullerenean

Ekaina estreinatu berri dugu eta oporretako gogoa piztu zaigu. Munduari buelta emango diogu 5 egunez eta horretarako bost hizlari izango ditugu hurrengo asteazkenetan…Aste hontan Afrikara joango gara, Ghana eta Etiopiara bidaiatuko dugu Iñaki Guridiren eskutik. Argakien proiekzioz lagunduta Iñakik  herrialde hauetan bizitakoa kontatuko digu.
Asteazkena, Ekainak 6, Mullerrenean (Ramon y Cajal, 42)
Zatoz!!!

Bidaiaria kartela

Deustuko Zubitik Santurtzi ta Trapagara Leioa eta Larrabetzutik pasata

Deustuko Zubitik igarota egunotan bandera zuri-gorri bat ageri da gure alderantz dagoen eraikinaren leihoan. Komando Triniren ekintza artistikoa da bandera hori eta Ismael Manterolak horren gainean jardun zuen lehengo egunean Berria egunkarian.

Komando Trini ez da berria baina Deustualdean! Hona orain dela zenbait hilabete Botika Zaharraren bestaldean uretaratu zuten ontzia: TxalaBilbotea!

http://youtu.be/zkOZFkIwBPo
Ekaineko egun bero hauetan TxalaBilbotea berriz noiz agertu zain egon gabe ere, baditugu hainbat eta hainbat hitzordu inguruan. Euskara eta kultura bor-bor:

* Kultur Maratila Antzerki Zikloa ekainaren 2rarte Leioan

* Literaturia asteburuan Larrabetzun

* Mintza Eguna ekainaren 2an Santurtzin

* Ibilaldia ekainaren 3an Trapagan

* eta nola ez, Deustuko Gazte Lokalaren 21. urteurreneko ospakizun mundialak, astearte honetatik hasita eta iganderarte, larunbateko egun osoko jaiarekin!

Hauek, eta ziur beste asko eta asko ere, aukera paregabeak udaberriko egun udatiar hauek euskaraz bustitzeko!